
Gaur, azaroak 8, IRUDI BIZIAK proiektuaren denboraldi berriari hasiera eman diogu. Izan ere, urte askotatik hona parte hartu dugu aipatutako programan.
Hezkuntza-proiektu honetan arrisku-faktoreen menpeko ereduak lantzen ditugu nerabeen artean batik bat haiek prebenitzeko edo murrizteko elementuak edo estrategiak bultzatzen. Halaber, aniztasunean oinarrituriko balioak lantzen dira aurreiritziak gainditzeko eta autoestimua hobetzeko asmotan.
Oraingoan ikusitako filma “Handia” (2017) izan da, Jon Garañok eta Aitor Arrei zinegileek egina. Filmak gigantismoaren gaiari heltzen dio. Dakizuenez, giza-gorputzaren hazkuntza neurrigabea eragiten duen gaixotasun hormonala da. Egia esan, filmak lortzen duenari begira arazo hori pasarte hutsa da, zeren eta, filmean gizaki arruntetatik beste batzuk bereizten dituen edozein ezaugarri erabiltzea baitzegoen, betiere, lilura eta harridura handia sortuta eta gertaera ilunetatik igarota.
Filmak helarazten dizkigun balioak pelikula ikusi ondoren landuko dira. Horretarako, ikasgelan gogoetak egiteaz gain, komunikazioa eta jarrera kritikoa landuko ditugu.
Gaur, arratsaldean, 18:30ean, Ballonti Merkataritzako zinetokietan berriro egongo da ikusgai. Emanaldia doakoa izango da familiek filma goza dezaten eta gero etxean hizpide izan dadin.
